Ondare Bibliografikoaren Liburutegi Birtualak argazki historikoen bilduma joria du. Erakunde hauetatik datoz funtsak:


  • Kanarietako Etnografiarako eta Artisautzaren Garapenerako Fundazioa (FEDAC)

Kanarietako Etnografiarako eta Artisautzaren Garapenerako Fundazioa (FEDAC) erakunde autonomoa da, eta Kanaria Handiko Kabildoaren mende dago; hots, irlaren gobernu eta administrazioaz arduratzen den organoaren mende. Erakundearen xede nagusia bertako kultura-elementuak aztertzea, berreskuratzea eta garatzea da, bereziki, Kanaria Handiko artisau-lanbideak mantendu eta garatzearekin loturan.

FEDACek Kanarietako argazki historikoen artxiboa mantentzen du; 140.000 argazkitik gora ditu, hainbat sail eta bildumatan banatuta, eta horietatik 68.000 baino gehiago digitalizatu dituzte (FEDACek eta Liburutegiak Koordinatzeko Zuzendariordetza Nagusiak). Liburutegi digital honetan eta FEDACen webgunean kontsultatu daitezke digitalizazioak.

Argazki historikoen artxiboak 1999an du jatorria. Urte hartan, Kanaria Handiko Kabildoak argazki zaharren bilduma erosi zion José Antonio Pérez Cruz bildumagileari. Orotara 18.000 irudi hartzen ditu barne, 11.000 Kanarietakoak eta 8.000 inguru munduko hainbat gunetakoak. Orduz geroztik handitzen joan da bilduma, hainbat bideren bitartez (erosketak, dohaintzak, gordailuak, Kanaria Handiko udalerriekin irlako argazki-ondarea berreskuratzeko egin diren hitzarmenak, eta abar).

FEDACek kontserbatutako material fotografikoak era askotakoak dira: dagerrotipoak, anbrotipoak, ferrotipoak, kolodioi-beirak, nitrozelulosako negatiboak, albumina-kopiak, kolodioikoak, gelatinabromurokoak, etab. FEDACek egindako dokumentazio-lan bikainari esker, erregistro bibliografikoetan sartu da informazio hori.

Funts aberats horrek Kanariar uharteetako irudia izateko aukera ematen du duela 150 urtetik baino gehiagotik. Gainera, atzerriko pertsona eta inguruen argazkiak aurki ditzakegu, turistek irletara ekarriak. Argazki zaharrenak 1840ko hamarkadakoak dira.


  • Espainiako Kultura Ondarearen Institutua

Palacio del Infantado. Patio de los leones

Espainiako Kultura Ondarearen Institutuak Espainiako Ondare Historikoaren Fototeka kudeatzen du. Gure herrialdeko argazki historikoen bilduma osoenetakoa da: gutxi gorabehera 400.000 dokumentuz dago osatua. XIX. mendeko bigarren erdialdetik aurrera kultura-ondarea landu zuten argazkilarien obra biltzen duten artxibo grafikoetatik datoz.

Fototekaren bilduma garrantzitsuenen artean, irudien kalitatearengatik eta ondare-balioagatik, Moreno eta Lotyren artxiboak daude. Ia-ia 70.000 argazki dira, eta nagusiki artelanak –asko dagoeneko desagertu dira–, hirien ikuspegiak, monumentuak eta paisaiak erakusten dituzte.

Irudi horien zati handi bat Ondare Bibliografikoaren Liburutegi Birtualarekin egindako lankidetza-hitzarmen bati esker digitalizatu da, eta orri honetan eskuratu daiteke.

Gainerakoa Espainiako Kultura Ondarearen Institutuaren web-orriaren bitartez kontsulta daiteke, baita beste argazki-artxibo batzuetako funtsak ere, adibidez, Ruiz Vernacci artxibokoak –J. Laurent-en jatorrizko argazkiak barne–, Informazioaren artxibokoak, Conde de Polentinos artxibokoak edo Vaamonde artxibokoak.


  • Nafarroako Unibertsitatea

Nafarroako Unibertsitatearen Argazki Funtsa erreferentziako funtsa da Espainiako argazkigintzaren historia aztertzeko. Ortiz Echagüeren legatuarekin hasi zen, eta Victor Méndezen bildumaren eta Hershkowitz bildumaren (kalotipoak) erosketarekin zabaldu zen. Guztira 7.762 argazki dira, eta horien artean daude aipatu José Ortiz Echagüeren funtsa eta beste zenbait argazkilarirena: Juan Dolcet, Conde de la Ventosa, Clifford, Laurent, Tenison, Leygonier, Beaucorps, Disdéri, Levy, Braun, Stirling, Masson, Massari, Wheelhouse, Martínez Sánchez, Garzón, Marés, Opisso, Alguacil, eta beste.

Nafarroako Unibertsitatea, Valentziako Unibertsitate Politeknikoarekin lankidetzan, lanean aritu da XIX. mendeko Espainiari buruzko argazki-funts hori behar bezala dokumentatu eta sarearen bitartez zabaldu ahal izateko.  

Ondare Bibliografikoaren Liburutegi Birtualean bilduma horretako 2.176 argazki kontsulta daitezke. Haietako asko hiri eta monumentuen ikuspegiak dira, baina erretratuak, usadioen eszenak eta abar ere aurki ditzakegu.


  • Camilo José Cela Galiziar Fundazio Publikoa

Camilo José Cela Galiziar Fundazio Publikoa, Iria Flavian kokatua (idazlearen sorlekua), 1986an sortu zuen Padróngo Nobel saridunak, nagusiki bere eskuizkribu, liburu eta dokumentu pertsonal guztiak, baita orotariko obra artistiko-piktorikoak eta bildumak ere, gordetzeko asmoz eta gogoz. Horrek guztiak eratutako ondare kultural, artistiko eta pertsonala bisitari nahiz ikertzaileentzat ikusgai eta eskuragai jarri da. Gaur egun, Galiziako Xuntako Kultura, Hezkuntza eta Unibertsitate Antolamenduko Sailaren mende dago.

Fundazioan gordetako argazki-artxiboa 9.000tik gora argazki eta diapositibaz dago osatua. Material horrek idazlearen bizitza egitekotsuari buruzko lekukotza ematen du, baita haren bidaia ugariei, haren literatur ibilbideko gertakari nagusiei, eta XX. mendeko Espainiako bizitza kultural eta sozialeko pertsona nabarmenekin izan zituen bilera ugariei buruzkoa ere.

2015ean, Fundazioarekin sinatutako lankidetza-hitzarmen baten ondorioz, Liburutegiak Koordinatzeko Zuzendariordetza Nagusiak funts horretako 3.399 argazki digitalizatu zituen, eta liburutegi digital honetan kontsulta daitezke.


  • Pontevedrako Estatuko Liburutegi Publikoa

2015ean, halaber, Muruais anaien bildumako argazki-funts baliotsua digitalizatu zuen Liburutegiak Koordinatzeko Zuzendariordetza Nagusiak. Pontevedrako Estatuko Liburutegi Publikoan dago gordeta. Europako pertsonaien 2.000tik gora erretratuk osatzen dute funtsa; kalitate eta interes handikoa da, eta oso baliagarria XIX. mendeko eta XX. mende hasierako Europako gizartearen, artearen eta literaturaren alorreko bizitza aztertzeko.  


marriette


  • Oviedoko Estatuko Liburutegi Publikoa (Región egunkariaren argazki-funtsa)

Oviedoko Estatuko Liburutegi Publikotik Región egunkariaren funts digitalizatua dator, kirol-argazkilaritzako material ugarirekin.


  • Beste erakunde batzuk

Beste zenbait erakundeetako argazki gutxi batzuek osatzen dute Fototeka, adibidez, Castellóko Jaume I.a Unibertsitatekoak.


desde 1888

 

2017ko abuztuaren 31n eguneratutako testua

 

Enlaces destacados

Biblioteca Virtual de Prensa Histórica       Hispana. Directorio y recolector de recursos digitales       Hispana PRO       Europeana       LEM