Cervantes Ondare Bibliografikoaren Liburutegi Birtualean


Cervantes BVPBn | Cervantesen lanak | Haurrentzako Kixoteak | Biografiak | Azterlanak / Saiakerak | Gutunak | Gorazarreak | Erakusketen katalogoak | Argitalpen seriatuakIrudigileak | Eratorritako obrakMaterial graficoak | Beste On Kixote batzuk


Ondare Bibliografikoaren Liburutegi Birtualak atseginez aurkezten du, Miguel de Cervantes Saavedra hil zeneko 400. urtemuga dela eta (Alcalá de Henares, 1547 – Madril, 1616), bere funts cervantestarren erakusketa berri hau, egileari buruzko informazio biografiko eta literarioaz lagunduta.


Cervantes BVPBn

Ondare Bibliografikoaren Liburutegi Birtualaren Cervantes bildumak 169 obra ditu. Horietatik, gehienak gaztelaniaz daude, hiru frantsesez, bat katalanez, bat valentzieraz eta bat bablez.

Tipologiari dagokionez era askotakoak aurki daitezke: Cervantesen obrak, biografiak, azterlanak, egokitzapenak, gorazarreak, erakusketen katalogoak, haurrentzako egokitzapenak, Cervantesi edo Kixoteri buruzko eskutitzak, antzezlanak, poemak, aldizkari-zenbaki monografikoak, artikuluak, argazkiak, irudiak, pinturak, material kartografikoa, literatur lehiaketak, diskurtsoak, Kixoteren III. mendeurrenari buruzko argitalpenak, hitzaldiak, partitura bat, eratorritako obrak, beste egile batzuen Kixoteak, eta abar.

Erakunde hauetatik datoz funtsak: Cervantesi buruzko Ikasketen Zentroa, Espainiako Kultura Ondarearen Institutua, Valentziako Liburutegi Digitala, Santiago de Compostelako Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitatea, Antso Jakituna Fundazioa, Erromantizismoaren Museo Nazionala, Cerralbo Museoa, Errioxako Liburutegia, Asturiasko Liburutegia, Maóko Estatuko Liburutegi Publikoa, Cáceresko Estatuko Liburutegi Publikoa, Historiaren Erret Akademia, Siera Pambley Fundazioa, Gijóngo Estatuko Liburutegi Publikoa, Kanarietako Etnografiarako eta Artisautzaren Garapenerako Fundazioa (FEDAC), Asturiar Herriaren Museoa eta Madrilgo San Isidro BHI.

Erakunde horien artetik hiru nabarmendu behar dira, haien funtsen kopurua eta garrantzia direla eta.

Lehenik eta behin, Cervantesi buruzko Ikasketen Zentroa aipatu behar da. Duela gutxi arte partzuergo publiko bat zen, ondare cervantestarra sustatzeko eta herritarrak hizkuntzaren eta literatur sorkuntzaren mundura hurbiltzera bultzatzeko sortua. Gaur egun, Erdi Aroari eta Urrezko Mendeari buruzko Ikasketen Ikerketarako «Miguel de Cervantes» Unibertsitate Institutuan (Alcalá de Henareseko Unibertsitatea) txertatuta daude haren funts cervantestar oparoak eta jarduerak.


Ondare Bibliografikoaren Liburutegi Birtualean erakunde horretatik datozen 48 obra kontsulta daitezke. Askotariko bilduma da, eta azterlanak, hitzaldiak, gorazarreak, On Kixoteren edizioak, aldizkari-zenbaki bereziak eta abar hartzen ditu barne. Obra horiek guztiek argitaratze-data soilik dute berbera: 1905; izan ere, urte hartan ospatu zen On Kixoteren III. mendeurrena, eta Cervantesi buruzko Ikasketen Zentroak jarduera handia izan zuen ospakizun hartan.

Bigarrenik, Valentziako Liburutegi Digitala aipatu behar da. Cervantesekin loturako funts bikainak ditu, eta horietatik 27 obra eskuragarri daude Ondare Bibliografikoaren Liburutegi Birtualean ere. Hogeita zazpi obra horiek aurreko taldekoak bezain askotarikoak dira tipologiari dagokionez, baina hainbat datatan argitaratu dira. Horien artetik, nabarmentzekoak dira On Kixoteren lehen zatiaren lehen edizio bat eta Cervantesi buruzko bi biografia.

Azkenik, ezinbestean aipatu behar da Espainiako Ondare Historikoaren Fototeka, Espainiako Kultura Ondarearen Institutuak kudeatua, gure herrialdeko ondare-argazkien bilduma osoenetakoa baitu.

Ondare Bibliografikoaren Liburutegi Birtualean eskuragai dauden fototeka horretako funtsek, batik bat, artelanak erakusten dituzte (horietako asko jadanik desagertu dira), baita hirien ikuspegiak, monumentuak eta paisaiak ere. Erakusketa honetarako, Cervantesekin lotutako 63 argazki aukeratu ditugu funts horretatik. Argazki gehienak On Kixoteren edo Cervantesen bizitzako eszenak irudikatzen dituzten koadroenak dira; gainerakoak, eskulturen xehetasunen, Cervantesi eskainitako enparantzen eta museoko objektu baten argazkiak.



Cervantesen lanak

Ondare Bibliografikoaren Liburutegi Birtualean Miguel de Cervantesen hemeretzi obra kontsulta daitezke, eta horietatik hamabost On Kixoteren edizioak dira. Lehen edizio bat dago, 1605ekoa, eta besteak 1637, 1674, 1714, 1750, 1863, 1777 eta 1905ekoak dira.

Edizio horietako batzuek On Kixoteren zati bakarra hartzen dute barne, lehena edo bigarrena; beste batzuek, berriz, bi zatiak dauzkate. Horietako asko ilustratuta daude, eta badago luze-zabal iruzkindutako edizio bat ere.

Aparteko aipamena merezi dute, dagoeneko adierazitako lehen edizioaz gain, Espainiako lehen edizio ilustratuak (Roque Rico de Mirandak 1674an inprimatua) edo Espainiako lehen edizio kritiko gisa ezagutzen denak, aldagai, ohar eta glosarioa barne (Clemente Cortejónena).

BVPBko On Kixote edizioak ez ezik, Cervantesen beste lan batzuk ere eskuratu daitezke BVPBn: Novelas ejemplaresen bi edizio, eta Viaje del Parnasoren edizio bat, poesia soltez lagundua.




Haurrentzako Kixoteak

Haurrek eskoletan irakurtzeko diseinatutako On Kixoteez gain –adibidez, Saturnino Callejaren bi edizioak–, funts horietan badaude berez haurrentzat diren bi egokitzapen: Célebres aventuras de Don Quijote 'El caballero de la triste figura' : Célebres aventuras de Don Quijote 'El caballero de la triste figura': Libro para los niños eta Eduardo Vicentik eskoletarako murriztu eta erkatutako On Kixotea.

Haurrentzat pentsatua dago, halaber, Los célebres consejos de D. Quijote á Sancho Panza, puestos al alcance de la memoria de los niños de las Escuelas obra. On Kixoteren laburpenak dauzka, baita irudi bikainak ere.


Biografiak

On Kixoteren edizio batzuetan edo azterlan batzuetan (adibidez, Cervantes y el Quijote: El hombre, el libro y la época, Justo de Lararena), sartutako zenbait biografiaz gain, egilearen bi biografia daude BVPBko funts cervantestarren artean.

Biografia horietatik bat haren lehen biografoak idatzi zuen, Gregorio Mayans y Siscar-ek; bestea, aldiz, Valentziako Patrono, Tipografo eta Koadernatzaileen Elkarteak argitaratu zuen 1905ean.



Azterlanak / Saiakerak 

BVPBren funts cervantestarren artean aurki daitezkeen artikulu, azterlan edo saiakerek era askotako gaiak dituzte: Cervantesek Valladoliden zuen etxea, On Kixoteren hizkeraren musika, Cervantesen poesia, medikuntzari buruz zituen ezagutzak, Santxoren gobernua, On Kixoteren zorotasuna, eta abar.

Benetan azterlantzat har daitezke, halaber, hainbat erakundetan (erret akademiak, elkarteak eta beste) On Kixoteren III. mendeurrena zela-eta egindako zenbait hitzaldi edo biltzar, esaterako, On Kixoteko emakumeei, Cervantesen txirotasunari eta On Kixoteren hizkeraren musikari buruzkoak, beste gai batzuen artean.   

Bitxitasun gisa, nabarmentzekoa da Paz de Borbón infantak idatzitako azterlana, Buscando las huellas de Don Quijote; profesionaltasun-faltagatik ere, ez da alferrekoa edo interesik gabea. Bertan, Europan argitaratutako On Kixoteren hainbat edizio eta itzulpeni buruzko albisteak jaso zituen.



Gutunak

Bildumak Cervantesi buruzko eskutitzak jasotzen dituzten bi liburuki ditu. Horietako batek Juan Antonio Pellicer y Saforcada eta Juan Antonio Millans y Siscar literatoen arteko posta-trukea biltzen du. Bestea oso bitxia da: Carta en bable que dirigió al Excmo. Sr. presidente de la Real Academia Española Don Apolinar Rato de Argüelles suplicándole la inserción en la duodécima edición del diccionario de la misma, varias voces del bable y que se testasen algunas notas puestas al Quijote por varios académicos.



Gorazarreak

On Kixote argitaratu zeneko III. mendeurrena zela eta, 1905ean, ekitaldi ugari egin ziren haren oroimenez, eta gehienetan obra batzuk argitaratzen ziren horiekin batera: jada aipatutako hitzaldiak, biltzarrak, erakusketen katalogoak, lirika-lehiaketak, literatur sariak, eta abar. Gainera, data horietan On Kixoteren edizio ugari atera ziren argitara, baita egokitzapenak, saiakerak, artikuluak, aldizkari-zenbaki bereziak eta beste hainbat ere, literatura unibertsalaren altxor horri eskainitakoak edo hartan oinarrituak guztiak.

BVPBren Cervantes bilduman halako dozenaka obra bildu dira. Guztiak On Kixoteren argitalpenaren III. mendeurrenaren testuinguruan atera ziren, salbu eta 1920ko Cervantesen asteko gorazarre bat eta 1874ko literatur lehiaketa bat, Cervantesen heriotzaren 125. urteurrenaren oroitzapenetan argitaratuak.

Multzo honetan sartzen dira III. mendeurrenari buruzko zazpi argitalpen, hiru artikulu, antzezlan bat, bi aldizkari-zenbaki berezi, bi biltzar, literatur lehiaketak, hitzaldiak, On Kixoteren zenbait edizio, eta abar.


Erakusketen katalogoak

Ezin ditugu aipatu gabe utzi III. mendeurrenaren esparruan egindako bi erakusketa-katalogo. Horietako batek, «Cátalogo de la Exposición Asturiana de ediciones de El Quijote» izenekoak, On Kixoteren edizioei buruzko informazio bibliografikoa barnebiltzen du. Besteak merezi du denbora apur bat ematea. Liburutegi Nazionalaren kixote-funtsen erakusketako katalogo bat da, eta material grafiko asko hartzen ditu barnean: On Kixoteen azalak, irudiak, margolanak, tapizak, eskulturak, eta abar.



Argitalpen seriatuak

Bilduman badaude, halaber, interes handiko material testual eta grafikoak dauzkaten aldizkari-zenbaki berezi eta artikulu batzuk. Obra horietako bi frantsesez daude.

Guztiak dira oso interesgarriak, baina aldizkari hauen ale bereziak nabarmenduko ditugu, ilustrazioen eta argazkien kalitateagatik La Esquella de la Torratxa, Nuevo Mundo, Blanco y Negro eta Le petit journal.



Irudigileak

BVPBren bildumako On Kixote ugari, baita Cervantesen beste obra batzuk ere, kalitate handiko irudiekin daude apainduak.

Horietako batzuk azpimarratuko ditugu:

Kalitate handikoak dira R.L. Cabreraren edizioarekin batera datozen irudiak, J. Jiménez Arandak eta beste artista batzuek marraztuak. Tamalez, kopia digitala ez dago koloretan.


Nabarmentzekoak dira, haien kolore biziak direla eta, Salvador Tusellen akuarelak. Gustave Doré-ren grabatuak erreproduzitzen dituzte.

Aipamena merezi dute, halaber, Tomas Gorchs-ek 1863an argitaratutako On Kixotea apaintzen duten Estebanillo-ren kalkografiek.

Antzinatasunagatik, azpimarratu egin behar dira Espainiako lehen edizio ilustratuko marrazkiak, 1674koak.



Eratorritako obrak

On Kixotetik eratorritako obra batzuk ere kontsulta daitezke BVPBn; bereziki, bi antzezlan –horietako bat frantsesez–, kopla-bilduma bat eta haurrentzako egokitzapen bat edo beste, aurreko atalean jada adierazia.


Material grafikoak

On Kixote ilustratuez eta jadanik aipatutako aldizkari-zenbaki ilustratuez gain, ugariak dira bilduma honetako material grafikoak. Adibidez, Cervantesen gaiari buruzko argazki kopuru handia dago, gehienbat Espainiako Kultura Ondarearen Institutuko funts digitalizatutik datorrena. Horietako gehienek On Kixoteren edo Cervantesen bizitzaren eszenak dituzten margolanak erreproduzitzen dituzte, edo Cervantesekin lotutako lekuak.

Bestalde, material grafiko oparoa duten bi album daude: Album cervantino aragonés de los trabajos literarios y artísticos con que se ha celebrado en Zaragoza y Pedrola el III Centenario de la edición príncipe del Quijote eta Album en homenaje al libro "Don Quijote de la Mancha" en su tercer centenario (Benito Pérez Galdósek babestua eta Eduardo Sojo «Demócrito»k editatu eta marraztua).

Nabarmentzekoak dira Georges Scott-en ilustrazioak ere. Jean Richepin-en Don Quichotte antzezlanean goza daiteke haietaz.

Interesgarria da, halaber, Tomás Lópezek marraztutako Mapa de una porción del Reyno de España que comprehende los parages por donde anduvo Don Quijote, y los sitios de sus aventuras.




Beste On Kixote batzuk

Dagoeneko aipatu ditugu pertsonaia nagusi gisa On Kixote duten bi antzezlan, Cervantes ez beste egile batzuek idatziak (Don Quijote en Aragón eta Don Quichotte, Jean Richepinena).

Beste egile batzuek idatzitako Kixote horiei ezagunena gehitu behar diegu; hau da, 1614. urtean argitaratutako On Kixoteren bigarren zatia, atarian esandakoaren arabera Alonso Fernández de Avellaneda lizentziatuak idatzia. Ongi jakina da On Kixote «faltsu» horren argitalpenak eman ziola Cervantesi obraren bigarren zatia idazteko bultzada. Nabarmendu behar da BVPBk eskura jartzen duen edizioa 1905ean argitaratu zela eta Marcelino Menendez y Pelayoren hitzaurrea eta oharrak dituela.

Interesgarria da aurki dezakegun beste obra hau ere: Adiciones a la historia del ingenioso hidalgo Don Quijote de la Mancha en el que se prosiguen los sucesos ocurridos a su escudero el famoso Sancho Panza escritas en arábigo por Cide-hamete Benengeli y traducidas al castellano con la memoria de la vida de éste por Don Jacinto Maria Delgado. Ez da –inondik inora– On Kixoteren abenturen kontakizunen jarraipen bakarra, baina famatua da norena den esateko sortu dituen arazoak direla eta; izan ere, Cide-Hamete Benengeli On Kixoteko pertsonaia bat da. Cervantesek, garai hartan nahiko arrunta zen baliabide bat erabiliz, eleberriaren jatorrizko egilea hura zela baieztatu zuen, eta berak itzuli besterik ez zuela egin. Bestalde, Jacinto María Delgado, Adiciones-en ustezko itzultzailea, fikziozko pertsonaia bat da, edo hobe esanda, izenorde bat, Juan Francisco Jara y Sánchez de Molinarena beharbada (Palauk esandakoaren arabera).  

Azkenik, bitxitasun gisa, aipatu egin behar da (nahiz eta On Kixotetik izenburua eta inspirazioa besterik ez hartu) El Quijote de la revolución, ó, Historia de la vida, hechos, aventuras y proezas de Monsieur Le Grand-homme Pamparanuja: héroe político, filósofo moderno, caballero andante y reformador de todo el género humano obra. Haren bidez, bere ideia politikoak jendarteratzen saiatu zen egilea, Juan Francisco Siñeriz.




2016ko otsailaren 7an eguneratutako testua


_____________________

Enlaces destacados

Biblioteca Virtual de Prensa Histórica       Hispana. Directorio y recolector de recursos digitales       Hispana PRO       Europeana       LEM