Bildumak

Liburutegiak Koordinatzeko Zuzendariordetza Nagusiak, autonomia-erkidegoen eta beste administrazio, pertsona eta erakunde batzuen lankidetzarekin, Espainiako ondare bibliografikoa eratzen duten funtsak bilatzen, aukeratzen eta digitalizatzen dihardu. Horrela, Estatuko liburutegi publikoetan gordetako eskuizkribu eta inprimatu zaharren bilduma garrantzitsuak berreskuratu dira; adibidez, Santa María de Huertako edo Santes Creus eta Pobleteko monasterioetakoak (Soriako eta Tarragonako Estatuko Liburutegi Publikoetan daude orain, hurrenez hurren), Borbón-Lorenzana bilduma (Gaztela-Mantxako Liburutegian / Toledoko Estatuko Liburutegi Publikoan gordailutu da), Leon, Orihuela, Cádiz eta Córdobako Estatuko Liburutegi Publikoetako inprimatu zaharren bilduma nabarmenak, edo Palma Mallorcako Estatuko Liburutegi Publikoan dauden bilduma luliar aberatsak.

Eskuizkribuak, inkunableak eta inprimatu zaharrak beren ezaugarrien arabera sailkatu ditugu. Hala, horien bitxitasuna, garrantzi bibliografikoa, adierazgarritasuna eta bertako funtsekin edota beste funts historiko batzuekin duten harremana (adibidez, Leongo Estatuko Liburutegi Publikoko inprimatuen bildumarekin) hartu ditugu kontuan.

Gainera, bilduma garrantzitsuak gehitu dira liburutegian: esate baterako, Iberoamerikako funtsena eta Filipinetakoa. Batik bat, AECIDen (Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Espainiako Agentzia) Liburutegi Hispanikotik eta Amerika Museotik datoz.

Beste bilduma baliotsu bat Independentzia Gerrakoa da; 2008 urtean gehitu zen, gatazka horren bigarren urteurrenaren oroitzapen-ospakizuna zela eta. Funts horiek Defentsa Ministerioaren liburutegietatik datoz nagusiki. Bilduma horren barruan, nabarmentzekoak dira Independentzia Gerrako gertakari edo batailekin lotura duten 1.622 agiri kartografiko –gehienbat mapak, planoak edo mapa nautikoak–. Armadaren Geografia Zentrotik, Madrilgo Artxibo Zentral Militarretik eta Madrilgo Ontzi Museotik datoz. Material kartografiko horiei esker, XIX. mende hasieran erabiltzen zituzten estrategia militarretara eta Espainiako geografiaren hainbat alderdiri buruz zuten ezagutzara hurbil gaitezke.

Batxilergoko institutu historikoetan gordetako funtsen digitalizazioa oinarri izan da pedagogiako funtsen bilduma bat sortzeko. Batetik, pedagogiako tratatuez dago osatua; bestetik, hezkuntzarako eta ikaskuntzarako tresnez: adibidez, eskuliburuak, irudiak, diapositibak, abezeak, etab. Horrek guztiak hainbat belaunaldiren hezkuntzaren memoria eratzen du, eta, Espainiako hezkuntzaren historiarako iturri baliotsua ez ezik, ikasle eta maisu-maistren eskura dagoen baliabide hezigarrien multzoa ere bada.

Aipagarriak dira, halaber, museoetako liburutegietatik datozen funtsak. Gehienak Estatuko Museoen Zuzendariordetza Nagusiaren mende daude. Funts horietan bilduma tematiko oso interesgarriak daude: adibidez, Sefardi Museoarena, hebreeraz edo ladinoz idatzitako liburuz osatua; Jantziaren Museoarena, joskintzari eta modari buruzko funtsez osatua; Arkeologiako Museo Nazionaleko arkeologia-funtsak, edo Dekorazio Arteen Museo Nazionaleko antigoaleko funtsak eta gainerako dekorazio-arteak. Aparteko aipamena merezi du Antzerki Museo Nazionalaren Urrezko Mendeko komedien bilduma zabalak.

Liburutegi Birtualak fototeka aberats eta zabala dauka, orobat, eta hainbat erakundetatik datozen argazki-materialak hartzen ditu barne: esaterako, Kanarietako Etnografiarako eta Artisautzaren Garapenerako Fundazioarenak (FEDAC), Espainiako Kultura Ondarearen Institutuarenak (IPCE), Nafarroako Unibertsitatearenak, Camilo José Cela Galiziar Fundazio Publikoarenak (Celaren argazkiak), Pontevedrako Estatuko Liburutegi Publikoarenak eta Oviedoko Estatuko Liburutegi Publikoarenak (Región egunkariaren argazki-funtsa).

Beste bilduma tematiko interesgarriak ere aurki daitezke, adibidez, Medikuntza eta Farmaziakoak –Medikuntza eta Farmaziako errege-akademietatik datoz, hurrenez hurren–, Herri Administrazioko Espainiako Erakundearen (INAP) administrazio-funts historikoak, Armadaren Errege Behatokiaren eta beste liburutegi batzuen zientzia-funtsak, bidaia-liburuen bildumak, astrologiakoak, erlijio-funtsak, eta beste.


Ezaugarri teknikoak:

Katalogazio formatu nagusi gisa, BVPBk MARC21 (https://www.loc.gov/marc/) formatuan lantzen eta kargatzen ditu erregistroak, formatu horren hiru aldagai erabiliz: marc21 bibliografikoa, funtsetakoa eta autoritateetakoa. Funtsetako MARC21a erabiliz, bereizita manten daitezke bibliografiako informazioa eta alearena. Autoritateen MARC21 formatuak aukera ematen du autoritateen kontrol xehe-xehea egiteko: pertsona, erakundea, arloa, izenburu uniformea, eta abar. 

MARC21 erregistroetatik abiatuta, aplikazioak mapatze sorta bat egiten du automatikoki, hainbat formatutara, eta horrela metadatuen aldagai hauek guztiak deskarga ditzakete erabiltzaileek: Dublin Core, Ficha, ISBD, MODS, MARCXML, MARC etiketatua, Bibtex, Jisc, Mets, EDM, SKOS, ALTO, eta abar.

BVPBk kontuan hartzen du Espainiako estatuaren errealitate eleaniztuna, eta Espainiako estatuko hizkuntza guztietan erabiltzen ditu goiburuak, baita ingelesez ere. Horretarako, berariaz autoritate-erregistroetarako esleitu diren MARC21 formatuaren eremu espezifikoak erabiltzen dira.

BVPBko autoritate-erregistroei, gainera, zenbait prozesu erdiautomatiko egin zaizkie beste autoritate-iturri batzuekin lotzeko: adibidez, VIAF, LEM, Dbpedia, LCSH, EMBNE, RAMEAU, SWD, LEMAC, LEMAG eta LEMAV, eta abarrekin.

BVPB behar bezala egokitu da web semantikora, eta honako bertsio hauetan eskaintzen ditu erregistroak: RDFn, EDM formatuan erregistro bibliografikoetarako, eta SKOS formatuan autoritate-erregistroetarako.

Objektu digitalari buruzko informazioa kudeatzeko –deskribapen bibliografikoak, funts-erregistroek, sarbide-puntu normalizatuek eta kopia digitalaren informazioak (teknikoa, administratiboa, egiturazkoa eta eskubideei buruzkoa) osatzen dute–, METS formatua erabiltzen da (Metadata Encoding Transmisión Standard - http://www.loc.gov/standards/mets/). BVPB arau horren ezartzaileen erregistroan ageri da gainera:www.loc.gov/standards/mets/mets-registry.html

BVPBk bere METS profila du, eta helbide honen bidez sar daiteke horretara:  http://www.loc.gov/standards/mets/mets-registered-profiles.html

Profilaren helburua da liburutegian artxibatzen eta publikoaren eskura jartzen diren objektu digitalak irudikatzeko, babesteko eta atzitzeko balio duten METSak sortzea, baina erabil daiteke, halaber, beste liburutegi digitaletako eta datu-baseetako objektu digitalak atzitzeko eta, oro har, metadatuak eta objektu digitalak erregistratu, transmititu eta biltegiratzeko.

Obrak katalogatzeko, MARC21 formatua erabiltzen da,;objektu digitalak kargatu eta deskribatzeko, METS formatua; eta gure babeste-sisteman gordetzeko (http://travesia.mcu.es/portalnb/jspui/handle/10421/9003), aldiz, PREMIS formatua (http://www.loc.gov/standards/premis/). Gutxi barru argitalpenen testuan bilatzeko funtzioa ezartzea aurreikusi da. Bilaketarako ALTO formatuko karaktere-ezagutza optikoko prozesua baliatuko da (http://www.loc.gov/standards/alto/).

Irudien formatuei dagokienez, BVPBk obra digitalizatuen kalitate ertaineko kopia digitalak eskaintzen ditu bistaratu eta deskargatzeko. Orri anitzeko bertsio bat eskaintzen du JPG formatuan, eta beste bertsio bat PDFn. Gordetzeko, TIF formatua erabiltzen da.

BVPBk edukiak bilatu, bistaratu eta deskargatzeko aukera ugari ematen ditu bere webgunean, eta horiek ikerketa xehea egiteko aukera ematen diete erabiltzaileei. Horiez gain, erregistroak SRU zerbitzari baten bidez bilatzeko aukera ematen du (http://bvpb.mcu.es/i18n/sru/sru.cmd). SRU Library of Congress-en espezifikazio bat da, Z39.50 edo ISO 23950 araudiak preskribatutako bezero-zerbitzari teknologiaren eboluzioa ekarri duena. Horiek horrela, web-zerbitzuen hornitzaile gisa prestatu da BVPB, eta hala ageri da Library of Congressen dagokion erregistroan https://www.loc.gov/standards/sru/.

BVPBk aukera ematen du erregistroak OAI-PMH (https://www.openarchives.org/pmh/) protokoloaren bitartez biltzeko ere.

Azken protokolo horri dagokionez, Ondare Bibliografikoaren Liburutegi Birtualak OAI-PMH gordailu bat du (http://bvpb.mcu.es/i18n/oai/oai_bvpb.mcu.es.cmd?verb=Identify), eta horri esker, haren erregistroak bil ditzakete beste OAI-PMH gordailu edo agregatzaile batzuek, adibidez, HISPANAk (http://hispana.mcu.es/es/estaticos/contenido.cmd?pagina=estaticos/presentacion), EUROPEANAk (http://www.europeana.eu/portal/es ), WordCat-ek (https://www.worldcat.org/), eta abarrek. Gordailua datu-hornitzaile gisa ageri da Open Archives Initiative ekimenaren (http://www.openarchives.org/Register/BrowseSites) OAI-PMH hornitzaileen erregistroan eta OAISter-en (https://www.oclc.org/es/oaister.html).


OAI gordailuak Marc21 erregistroetatik abiatuta lan egiten du, automatikoki mapatuz beste formatu batzuetara: Dublin Core, ESE, EDM, OAI-MARC, eta beste.

Ondare Bibliografikoaren Liburutegi Birtuala Digibis SL enpresaren Digibib liburutegi digitaleko programaren gain exekutatzen da, eta Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren Liburutegiak Koordinatzeko Zuzendariordetza Nagusiak kudeatzen du.