Bibliografia Ondarearen
Liburutegi Birtuala

Bibliografia Ondarearen Liburutegi Birtuala

Bibliografia Ondarearen Liburutegi Birtualean, Espainiako liburutegi ondarea osatzen duten bildumen irudi faksimile digitalak aurkituko dituzu. Eskuz idatzitako eta inprimatutako bildumak daude bertan, eta etorkizunean beste material batzuk ere jasoko ditugu. Modu horretan, bilduma garrantzitsuak berreskuratzen ditugu; esaterako, Santa María de Huertako, Santes Creuseko eta Pobleteko monasterioetakoak, orain Soriako eta Tarragonako Estatuko Liburutegi Publikoetan daudenak; Gaztela-Mantxako Liburutegian/Toledoko Estatuko Liburutegi Publikoan dagoen Borbón-Lorenzana bilduma; Leongo, Orihuelako, Cádizeko eta Córdobako Estatuko Liburutegi Publikoko inprimatu zaharren bilduma ezagunak; Palmako Estatuko Liburutegi Publikoko bilduma luliano aberatsak; Liburutegi Militar Nagusiko eta AECIDen Liburutegi Hispanikoko Independentzia Gerrari eta Iberoamerikako errepubliken independentziari buruzko funtsak, eta abar.

Eskuizkribuak, inkunableak eta inprimatu zaharrak beren ezaugarrien arabera sailkatu ditugu. Hala, horien bakantasuna, garrantzi bibliografikoa, adierazgarritasuna eta bertako funtsekin edota beste funts historiko batzuekin duten harremana (adibidez, Leongo Estatuko Liburutegi Publikoko inprimatuen bildumarekin) hartu ditugu kontuan.

Horretaz gain, bilduma garrantzitsuak ari gara Liburutegi Birtualean txertatzen; adibidez, independentzia gerrarekin loturikoak. Gerra horren bigarren mendeurrena 2008ko maiatzaren 2an ospatuko denez, mikrogune berezi bat egiten ari gara gai horren inguruan, eta estrategia bera jarraituko dugu Bibliografia Ondarearen Liburutegi Birtuala osatzeko jasoko ditugun bilduma guztiekin. Horrela, herritarrei esku-eskura jarriko diegu bibliografia ondarea, hori kontsultatzeko, inprimatzeko, deskargatzeko eta, azken buruan, erabiltzeko, tresna guztiak baliatzeko aukera izan dezaten. Izan ere, bide hori zabaltzen baitu informazioaren eta komunikazioaren teknologiak, informazio bibliografikoari aplikatzean.

Bestalde, Europar Batasunak sustatzen duen Europeana http://www.europeana.eu proiektuarekin bat egitea aurreikusi dugu. Egitasmo horren helburua Estatu kide guztietako bibliografia ondareekin datu-base bat osatzea. Eta hain zuzen ere horien artean daude Bibliografia Ondarearen Liburutegi Birtuala proiektuaren eta horren oso antzekoa den Prentsa Historikoko Liburutegi Birtuala http://prensahistorica.mcu.es proiektuaren emaitzak, baldintza teknikoak biltzen dituztelako eta Espainiako bibliografia materialen kalitatea handia delako.

Horrela, Europeana datu-baseak Espainiako bibliografia ondarera jotzeko aukera emango du, Bibliografia Ondarearen Liburutegi Birtuala (BOLB) bezalako proiektuei esker, Europako beste herrialdeetan egin dutenaren antzera.

Ezaugarri teknikoak:

Liburutegiak Koordinatzeko Zuzendariordetza Nagusiak ahalegin handia egin du BOLB osatzen duten eta bertan sartzen joango diren material guztiak herritarren eta mundu osoko hispanistika ikertzaileen eskura jartzeko. Liburutegi Birtualean material berriak jasotzean, interesa duten guztiei emango diegu horren berri RSS bidez; hau da, edukiak sindikatuz. Horrela, prozedura hori erabiltzen dutenek unean uneko informazioa jasoko dute datu-basean altan emanda dauden erregistro guztien inguruan.

BOLBek garrantzi handia ematen dio Espainiar Estatuko errealitate eleaniztunari; hori horrela, MARC21 formatuaren arabera osatutako fitxategiak ditu, goiburuak edo sarbide-puntuak Espainiako hizkuntza guztietan erabili ahal izateko. Horretarako, MARC21 formatuaren eremu espezifikoak erabili ditugu autoritate erregistroetarako. Era barean, erregistroak integratzeko interfazeari esker, Ameriketako Estatu Batuetako Library of Congress-ek eginiko ingelesezko sarbide-puntuen bitartez ere kontsultatu ahal izango dira bibliografia erregistroak, oso erraz integratzen baitira autoritate fitxategietako eremu espezifikoetan. Modu horretan, nazioartean ere eskura izango dute Espainiako bibliografia ondarea.

BOLBek, aldi berean, OAI-PMH protokoloari egokitzen zaion repositoriuma dauka. Asko erabiltzen da nazioartean, eta Espainian gero eta gehiago. Repositorium hori Europako Liburutegiaren eta Europeanaren arkitekturaren zutabeetako bat izango da. Horretarako, BOLBek modu dinamikoan eguneratzen du OAI repositoriuma, MARC21 erregistroetatik abiatuta, eta horiek automatikoki eraldatzen dira, Dublín Core metadatuen eskemetan, ISO 15836:2003 arauari jarraiki.

BOLB Liburutegi Birtualak datuak hornitzen dizkio OAI-PMHri http://www.openarchives.org/Register/BrowseSites eta bertako informazioa munduko biltzaile garrantzitsuenen artean dago; horien artean, aipatzekoa da OAIster http://www.oaister.org/viewcolls.html izenekoa.

BOLBek, era berean, SRU zerbitzari bat du, Library of Congressek zehaztutakoa, eta horrela garatu egiten du Z39.50 edo ISO 23950 arauak ezarritako bezero zerbitzari teknologia zaharra. BOLB web services zerbitzuaren hornitzaile bilakatu da, eta horrelaxe dago bilduta Library of Congressek duen erregistroan www.loc.gov/standards/sru/resources/implementors.html

Esan beharra dago Europeanaren arkitekturaren zati dela SRU, OAI-PMH bezala, eta prozedura horri eta bere zerbitzariari esker, errazagoa dela truke formatuan dauden bibliografia erregistroetara sartzea, baita haiek deskargatzea eta hirugarren datu-baseetan txertatzea ere, bilaketa federatua erraztuta.

BOLB osatzen duten objektu digitalek MARC21 formatuko erregistro bibliografikoak dituzte, eta kontrolatu egiten dituzte sarbide puntuak, MARC21 formatuaren bitartez, autoritate-erregistroentzat. Formatu horrek izenen edo gaien aldaerak ezartzeko aukera ematen du, bai eta hainbat hizkuntzatan sartzekoa ere, esan dugun bezala.

Funtsak eta lokalizazioak MARC21 formatuan daude. Horri esker, erraz truka daiteke aleei buruzko informazioa, eta, bereziki, ale bakoitzaren oharrei buruzkoa. Beraz, Espainiako Ondare Historikoaren 7/1985 Legea garatzen duen erregelamenduari egokitzeko aukera ematen du.

Bada deskribatutako alearen irudiak JPEG formatuan ikusteko aukera ematen duen objektu digital bat, orri anitzekoa. MARC21 formatuaren eremuaren bitartez lotzen zaio deskribapen bibliografikoari; bertan adierazten da irudiak zer helbidetan dauden. Formatu, etiketa eta ISBD horiek guztiak erabiltzaileak nahi izanez gero bakarrik agertzen dira, dagokion aukera hautatuta. Era berean, deskargatu egin daitezke, eta posta elektronikoz bidali. Horrez gainera, hiru karaktere multzo ere aukera daitezke.

Objektu digitalari buruzko informazio hori guztia (sarbide puntu normalizatua, deskribapen bibliografikoa, funtsen erregistroa eta kopia digitala) METSen arabera dago egituratua. Era berean, BOLB arau horri jarraitzen diotenen erregistroan dago sartuta www.loc.gov/standards/mets/mets-registry.html

Teknika informatiko horiek funts zaharretan espezializatuta daudenen premiak ase nahi dituzte, datu-baseak hainbat sarbide-punturen bitartez kontsultatu ahal izan ditzaten; esaterako, materiala zer lekutan inprimatu edo kopiatu den (eskuizkribuen kasuan), inprimatzaileen, saltzaileen edota kopiatzaileen izenak, eta abar. Kasu askotan, MARC21 formatuko eremuen eta azpieremuen bitartez normalizatu dira sarbide-puntu horiek; horrela, Mantua Carpetanorum sarrerak Madrilera bideratuko du erabiltzailea, eta Ludovicus Sanctionis inprimatzailearen izenaren ordez Luis Sánchez izena eman ahal izango dio.

Erraztasun horiek ez daude datu-basea osatzen duten erregistro guztietan, baina autoritate fitxategiak mantentzeak aukera ematen du behin baliokidetasuna ezarrita, hura hainbat erregistrotan erabiltzeko. Hori oso lagungarria da bibliografiagileen eta ikertzaileen lanerako.

Azkenik, esan beharra dago liburutegi birtual hau Liburutegiak Koordinatzeko Zuzendariordetza Nagusiak bilduma digitalak garatzeko sustaturiko ekimenetako bat dela. Horri esker, honen antzeko datu-baseak sortu ahal izango dira autonomia erkidegoetan eta kultur erakunde garrantzitsuetan (batzuk eskuragarri daude dagoeneko). Hala, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiliz, herritarrek erraztasun eta aukera gehiago izango dituzte Espainiako bibliografia ondarera jotzeko, eta, halaber, nazioartean zabaldu ahal izango da, bereziki Europako ekimenen bidez.


Icono de conformidad con el Nivel Doble-A de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI. Este enlace abre una ventana nueva

© Ministerio de Educación, Cultura y Deporte

www.digibis.com